
Osasuna eta Edertasuna
Larruazala zaintzea, neguan
Negua gure larruazalaren etsai handia da; izan ere, egunero egin behar izaten diegu aurre hotzari, haizeari eta hezetasunari, eta horiek oso agente erasotzaileak dira. Urtaro honetan gertatzen dena, zehazki, zera da: atmosferako hezetasun-maila jaitsi egiten da; horrela, gure larruazalak hidratazioa askatuz erreakzionatzen du eta horrek lehortasun handiagoa eragiten du.Larruazalean produktu hidratatzaileak aplikatzea komenigarria eta beharrezkoa da, batez ere, aurpegian, hidratatuta edukitzeko eta tenkatasun eta tentsio sentsazioak saihesteko, aurpegia baita, gehienbat, neguko agenteen eraginpean edukitzen dugun gorputz-atala.
Baina, kanpoko giroa ez da gure larruazalari kalte egiten dion bakarra. Barruko giroek ere lehortu egiten dute gure larruazala, berogailuen ondoriozko tenperatura altuekin; horregatik, zuzenean berotasun horren eraginpean egotea saihestu behar dugu. Gainera, kutsatutako giroek eta kutsadurak berak ere areagotu egiten dute gure azalaren lehortasuna.
Sasoi honetan eguzkia hain kaltegarria ez den arren, beharrezkoa da eguzki-babesa aplikatzea, batez ere, azal zurikoak baldin bagara. Mendira edo eskiatzera joaten bagara, kontu berezia izan behar dugu, izan ere, erradiazioak gehitu egiten dira altuerarekin eta arriskutsua da eguzkiak elurraren gainean sortzen duen isla-efektua; efektu horrek zuzenean dauka eragina gure aurpegiarengan, aurpegia baita agerien daukagun gorputz-atala.
Aurpegia arimaren ispilua ei da, eta atalik kaltetuena ere bada, neguko hilabeteetan. Gure larruazala, gainera, gorputzeko organorik handiena da eta barruko organoak hidratatzeko funtzioa dauka.Horregatik, beharrezkoa da aurpegia ondo hidratatuta edukitzea, ez gure arimaren ispilu ona izan dadin soilik, geure osasunagatik baizik.
Jarraian, aurtengo neguan azala lehor edukitzea saihesteko zenbait aholku ematen dizkizugu:
- Hidratatu ondo zure gorputza, ezpainak barne, eta arreta berezia jarri eskuei, ukalondoei eta belaunei.
- Edan ezazu bi litro ur egunean.Horrek zure organismoa ondo hidratatuta mantentzen lagunduko dizu eta zure larruazalean islatuko da hori.
- Fruitu lehorrak larruazalaren lagun onak dira, hidratatzen gaituzten eta on egiten diguten bitaminak baitituzte.
- Saihestu berogailuaren 20 gradutik gorako berotasuna, gure larruazalaren hezetasun naturala kenduko baitigu.
- Ahal duzun guztietan, dutxatu ur epelaz; izan ere, ur hotzak edo beroak odol-hodiak apurtzea eragin dezakete.
Gogoratu, neguan zehar, eman ezazu tratamendu nutritiboa egunero. Gure larruazala sentiberago egoten da urtaro hotz honetan, beraz, hidratatzea betebeharra da, ez lehortasuna saihesteko soilik, zure osasunagatik baizik.