Zure kontua

  • Konektatzen...
BM SUPERMERCADOS

AKTUALITATEA

1. argazkia

Running

Zenbat ur edan behar dut? Eta korrikalarien udako beste galdera batzuk

Funtsezkoa da kirola egin aurretik, kirola egin bitartean eta ondoren ondo hidratatzea, eta udan are garrantzitsuagoa. Korrika-saioa inola ere galtzen ez duzun horietakoa baldin bazara, jakin beharko zenuke beharrezkoa dela etengabe likidoak edatea, errendimenduari eusteko eta izerditzeak eta beroak eragiten duten deshidratazioari aurre egiteko.

Ba al zenekien nahikoa dela izerdituta gorputzeko pisuaren % 2 galtzea errendimendua nabarmen jaitsi dadin? Ur-galera (edo gorputzeko pisuarena) % 5ekoa baino txikiagoa baldin bada, deshidratazioa arintzat jotzen da; % 10etik beherakoa baldin bada, deshidratazio moderatua da; eta % 10etik gorakoa baldin bada, berriz, deshidratazio larritzat jotzen da.

Litro bat ur (ez dena batera) korrika egin baino lehen

Korrikalari bakoitzaren araberakoa izango da ur kopuru egokia. Oro har, korrika egiten hasi baino lehen litro bat ur edatea gomendatzen da, 20-30 minutu bakoitzeko 50 edo 100 mililitroko edanaldi txikietan, hidratatuta mantentzeko.

Organismoa hozteaz arduratzen da ura, eta oxigenoa muskuluetara eramaten laguntzen dio odolari (odolaren % 90 inguru ura da). Ez itxoin egarri izan arte edateko, eta ez edan ur kopuru handiak bat-batean; horrela, urdail-hesteetako arazoak saihestuko dituzu.

Entrenamendu gogorra egiteko asmoa edo lasterketaren bat baldin baduzu, urari gatz mineralak ere gehitu diezazkiokezu (sodioa, potasioa eta magnesioa). Ez ahaztu elikaduraz, horrek ere eragina baitu organismoaren funtzionamendu egokian (karbohidrato eta proteina kopuru handiko jakiek energia emango dizute).

Ez ura bakarrik

Aspertuta al zaude korrika egiterakoan ura edateaz? Zeure edari isotonikoa ere egin dezakezu; nahas itzazu 500 ml fruta-zuku eta beste hainbeste ur, eta koilaratxo laurden bat gatz. Badaude mantenugaiak eskaintzen dizkizuten beste aukera batzuk ere: te berdea, limoi-edaria jengibrearekin eta kafea, esaterako.

Korrika egiteak, fisikoki zaintzen laguntzeaz gain, osasun mentala hobetzen ere laguntzen du. Gainera, edozein ordu da ona korrika egiteko: goizez endorfinak liberatzen dira eta aktibatu egiten da gorputza; arratsaldean eta iluntzean, muskulu-potentzia eta birika-gaitasun handiagoak ditugu. Eta hasten ari bazara, har itzazu kontuan korrikalari hasiberrientzako teknika eta gomendio hauek.

Eta orain… korrika egiteaz gozatzera!